Gipuzkoako Foru Aldundiak 2000. urtean erositako Alfonso Sastre eta Eva Foresten liburutegiko funtsek 15.000 liburukitik gora dituzte monografia eta aldizkarien artean. Ez da behin betiko bilduma agiri berriak gehitzen ari baitzaizkio. Hasiera batean -oraingo kokapenean dauden bitartean, hau da idazleen Hondarribiko bizilekuan- denon eskura egongo ez diren arren, kontsulta daitezke KMKko liburutegiaren katologotik, egiten ari garen katalogatze-prozesuak kontsulta hori ahalbideratzen baitu.

Liburutegiak Alfonso Sastreren idazlan guztiak biltzen ditu, 1986az geroztiko jatorrizko eskuizkribuekin. Urte horren aurretikoak Kaliforniako Unibertsitatean daude, Irvineko kanpusaren liburutegian, bilduma berezien departamentuan hain zuzen ere. Lehen edizioak dira, itzulpenak, material argitaragabeak, lan-oharrak, eta abar. Badira bestelako materialak ere, agiri pertsonalen karpetak, administraziokoak, gutuneria... Horrez gain, egileari buruzko estudio ugari; liburuak, doktore-tesiak, artikuluak. Sorkuntza lanaren ondoan bilduma pertsonal zabala ikus dezakegu, bere zaletasunen adierazle direnak literaturan, filosofian, artean, historian, soziologian, politikan... Idazlearengan eragina izan duten joera intelektualen adierazgarri da bilduma eta XX. mende erdialdetik aurrera garatu diren joera ideologikoen laburpen.

Eta liburutegiaren funtsak biribiltzeko, Alfonso Sastreren lan grafikoa deritzogun materiala: horma-irudiak, egitarauak, argazkiak, liburuen azalak, marrazkiak, harrien eta hezur pintatuen bilduma. Azkenik, bere bizitzan zehar grabaturiko ikus-entzunezko dokumentuak: bideoak, kaseteak, diskoak, filmak.

Aurreko hori guztia Eva Foresten obrekin osatzen da: liburuak, artikuluak, gutuneria, soinu-grabaketak eta Hiru Argitaletxearen liburu-funtsa.

Hasitako katalogazioak edozein kontsultagairi buruzko informazio sakabanatu guztia bildu nahi du, lotura izan dezaten eskuizkribuek, argitaratutako lanek (edizio guztietan), antzezpenen kritikek eta bestelako materialek: kartelek, esku-programek edo ediziotik edo eszenaratzetik eratorritako dokumentazio administratiboek, adibidez.

Bildumak Alfonso Sastre eta Eva Foresten ibilbide intelektual eta bizipenekoa ezagutzeko balio digu, azken hirurogei urteetako bizitza kultural eta politikoaren lekuko eta protagonista direnez. Era berean, Espainiako antzerki panoramaren historia eta errealitateari buruzko ikerketa zabala ematen digu, ikuspegi ezberdinetatik gainera: bai literatura aldetik, eszenografiatik (antzerkigileak, eszenarekin lotura duen pertsonal teknikoa, antzezleak, konpainiak, aretoak, antzezpenak, jaialdiak...) bai sozio-politikaren aldetik ere. Arreta berezia eskaintzen diogu Francoren diktadurapean Alfonso Sastrek etengabe jasan izan zuen
zentsurarekin erlazionaturiko dokumentazioari.

Sastre-Forest liburutegiak bat egiten du KMKko liburutegiaren bilduma bereziekin, Gabriel Celaya poetarenarekin, Julio Urkixorenarekin edo antzerkian espezializatutako Antzerti Funtsarenarekin.