Nire errotulagailuekin margotutako harri hauei, petrogramak deitu beharko nieke, baina nik, pedantekeriari uko egin gabe, grafolito izena jarri diet. Berdin dio nola deitu. Harriak dira, gure aspaldiko txakur maiteak, Ikatzek, etxera ekarriak. Horrela etortzen baitzen Hondarribiko hondartzan eta inguruan barna ibili eta gero, ahoa bete harri. Zorioneko Ikatz!

Harriak pinturen euskarri. Naturak zizelkatutako eskulturak (harriak), kolorea emateko besterik gabe eskatzen zidatenak, eskultura polikromo bihurtzeko. Lan iheskorrak, bestalde; poesiaren ogia gaurko, harri hutsezko gosea biharko.

Badira hezur hauek ere, osteogramak deituko diegu; oharkabean olioak dira, barru ezkututik olioa azaleratzen baitute. Grafolitoak eta osteogramak. Harriak eta hezurrak.

Baina ni naizen artista plastiko zapuztuaren hondakindegian badira paperak ere. Eta paperak, hezurrak eta harriak elkarrekin jarriz gero, bat etorriko dira obra grafiko, plastiko edo piktorikotzat &javascript:;8211;oso eskuzabal izanda&javascript:;8211; har litekeen bilduma bat, hau, osatzen.

Zerbait esaten al digu harri horrek? Zer oihu egiten digu hezur horrek? Ba al da ezer paper horietan? Eldarnio txikiak ala idazle txiki baten denbora-pasa hutsak?